Mugitzen zara?

 

Gerta daiteke, eta gertatzen da, jarduera fisikoa edo kirola egiten duen pertsona bat sedentarioa izatea, denbora askoz izaten delako eserita, lanean edo eskolan. Eta gerta daiteke, eta gertatzen da, gainera pertsona horrek berak arratsaldea mugitu gabe igarotzea pantaila baten aurrean.

Jarduera fisikoa erregulartasunez egiteak eta sedentarismoa murrizteak eragin argia dute osasuna eta ongizatea hobetzeko eta bizi-itxaropena handitzeko. Jarduera fisikorik eza hilkortasun goiztiarraren faktore nagusietako bat da diru-sarrera handiko herrialdeetan, eta urtean milioi bat heriotza inguru eragiten ditu OMEren Europako Eskualdean. Horregatik, beharrezkoa da jarduera fisikoa areagotzea eta egoneko aldiak murriztea.

Edozein mugimenduk balio du. Zerbait egitea ezer ez baino hobea da. Mugi zaitez, zure erritmora. 

 

 

 

 

  • Ongizate emozionala eta mentala zaintzen laguntzen du, eta loa hobetzen du.
  • Bizkortasunari eta pisu egokiari eusten laguntzen du.
  • Sozializatzeko aukerak eskaintzen ditu.
  • Pertsona guztien autonomia bultzatzen du.
  • Gaixotasunak prebenitzen ditu eta 2 motako diabetesa, gaixotasun kardiobaskularrak eta minbizi mota batzuk (bularrekoa, kolonekoa edo biriketakoa) garatzeko arriskua murrizten du, kausa guztiengatiko hilkortasuna murriztuz.
  • Ingurumena zaintzen eta babesten eta jasangarritasuna bultzatzen laguntzen du.

Nafarroa da jarduera fisiko maila global handia duten helduen ehuneko handiena eta aisialdian sedentarismo-portzentaje txikiena duen hirugarren autonomia-erkidegoa. Hala eta ere, hobetzerik bada:

  • Nafarroako biztanleen erdiak baino gehiagok ohitura ez-aktiboak ditu aisialdian. 15 urtetik gorako Nafarroako biztanleen %30,9k adierazi du ez duela jarduera fisikorik edo kirolik egiten aisialdian, eta %23,7k jardueraren bat egiten du noizean behin.

  • Hamar pertsonatik lauk (%40,7) eserita ematen dute lanaldiaren zatirik handiena.

  • 16 urteko edo gehiagoko biztanleriaren % 7 ez da lantokira edo ikasketetara oinez edo bizikletaz joaten.

  • Nafarroako hamar pertsonatik zortzik egunero ikusten du telebista, eta batez beste 173 minutuz egiten du.


Iturria: Osasun Komunitarioaren Behatokia

Markatu zure erritmoa

Eguneko une guztietan hobetzeko aukera dago, ohitura aktiboagoak eta sedentario gutxiagokoak lortzeko. Jarraian, ideia batzuk emango dizkizugu, dagoeneko zein egiten dituzun eta zein bereganatu ditzakezun erabakitzeko:

Joan-etorrietan

  • Oinez edo bizikletaz joan lanera, eskolara…
  • Eskailerak erabili igogailuaren ordez.
  • Aparkatu urrunago edo jaitsi autobusetik geltoki bat lehenago, oinez iristeko.
  • Erosketak inguruko saltokietan egin, oinez joanda. 

Etxean

  • Mugitu etxeko lanak egiten dituzun bitartean, hautsa kentzean, erratza pasatzean, xurgagailua erabiltzean, ohea egitean…
  • Murriztu pantaila (telebista, ordenagailua, tableta…) aurrean eserita ematen duzun denbora.
  • Egin ariketak eskuekin edo hankekin serie edo pelikula bat ikusten duzun bitartean.
  • Denbora gehiago eman zure maskotarekin paseatzen.
  • Iragarkiak aprobetxatu altxatzeko, mugitzeko, komunera edo ur bila joateko.
     

Egunerokoan

  • Ingurukoak zaintzean, mugitu etxe barruan nahiz kanpoan. Adibidez, zaintzen duzun pertsonarekin paseatzera irten zaitezke edota luzatze-saio laburrak egin ditzakezu.
  • Egin hamaiketakoa paseatu bitartean.
  • Egin maiz atsedenaldi aktiboak. Adibidez, paseo labur bat eman dezakezu, beste solairu batean dagoen komunera joan zaitezke eta eskailerak erabili, oinez ibili zaitezke telefonoz hitz egitean…

Denbora librean

  • Erabili aire zabaleko espazioak jarduera fisikoa egiteko.
  • Elkartu zure inguruko pertsonekin, oinez ibiltzeko, mendira joateko, kirola egiteko edo kultur jardueretarako.
  • Zaindu hiriko edota etxeko baratzea.

Jaitsi proposamen hauek pdf-an

Zaindu zure osasuna

Jarduera fisikoa handitzeak, gutxi izan arren, onuragarria izanen da zure osasunarentzat, baina Osasun Ministerioak Jarduera fisikoari eta sedentarismoa murrizteari buruzko gomendio batzuk proposatu ditu, osasuna hobetzeko lortu beharreko gutxienekoak jasotzen dituztenak.   Hona hemen mugitzera animatuko zaituen informazio gehiago.